Alfredo Espinosa Orive eta barkamena

Izena: ALFREDO

Abizenak: ESPINOSA ORIVE

Jaioteguna: 1903/09/06

Heriotza-data: 1937/06/26

Jaiotze-lekua: Bilbo

Bizilekua: Bilbo

Egoera zibila: ezkondua

Bazuen seme-alabarik?: Bai

Lanbidea: medikua; II. Errepublikan Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua.

 

 

ALFREDOREN HISTORIA:

Alfredo Espinosa Bilbon jaio zen 1903ko irailaren 6an, eta hiri hartan egin zuen batxilergoa. 1919an, medikuntza ikasten hasi zen Madrilgo San Carlos unibertsitatean. Han hasi zituen bere lehen jarduera politikoak Primo de Riveraren diktaduraren aurkako batzorde iraultzaileetako kide gisa. Eusko Jaurlaritzako kargua hartzeko ekitaldia Gernikan. Erdian Alfredo Espinosa, Osasuneko sailburua, azaltzen da (biboteduna).

 

Eusko Jaurlaritzako kargua hartzeko ekitaldia Gernikan. Erdian Alfredo Espinosa, Osasuneko sailburua, azaltzen da (biboteduna).

Lizentziatu ondoren, jaioterrira itzuli eta Ibañez de Bilbao kalean zuen etxean hasi zen lanean. Gainera, udaletxeko osasuneko ikuskatzailea ere bazen. Horrekin batera, errepublikanismoaren aldeko jarduera politikoa areagotu zuen. Bere familia korronte politiko haren oso aldekoa zen (errepublikanoen semea eta biloba zen). 1929an, Partido Republicano Radical Socialista alderdia (Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialista) eratzen parte hartu zuen. Urte batzuk geroago, 1934an, Unión Republicana alderdia (PRRSren eta Partido Radical Demócrata alderdien bat-egitetik sortu zen) eratu eta Bizkaiko presidente izendatu zuten.

1931ko udal-hauteskundeetan, zinegotzi izendatu zuten. Urte hartan bertan aldarrikatu zuten II. Errepublika. 1933. urtera arte egon zen karguan; urte hartan, Burgoseko gobernadore zibil izendatu zuten. 1934an, jaioterriko udaletxera itzuli zen, baina ez zen bere postuan luzaroan egon; izan ere, Euskadiko Ekonomia Ituna defendatzeagatik kargutik kendu zuten. 1936ko otsaileko hauteskundeetan, Fronte Popularrak irabazi zuen (ezkerreko alderdi nagusien koalizioa zen) eta berriro ere zinegotzi bihurtu zen. Handik hilabete gutxira, ordea, Gerra Zibila piztu zen.

Gatazkaren erdian, Bizkaiko Errepublikaren Defentsako Komisariotza Nagusiko osasuneko ordezkari izendatu zuten eta, geroxeago, Bizkaiko Defentsa Batzordeko Komunikazioetako zuzendari nagusi. 1936ko urrian, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua onartu zutenean, Euskadiko lehen gobernu autonomoa eratu zen. Alfredo Espinosa Osasuneko sailburu izendatu zuten eta horren une zailean zibilen eta militarren osasun-baldintzak hobetzeko lan handiari ekin zion.

Agirre Lehendakaria zaurituei bisita egiten Alfredo Espinosarekin (eskuinetik hasita bigarrena) batera.

Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza fakultatea sortzen parte hartu zuen. Horrez gain, Euskadiko Gurutze Gorria eta ongintzako beste fundazio batzuk ere eratu zituen. Bere sailetik, biztanleria zibilaren ongizatearen alde modu aktiboan lan egin zuen: haurrak gerratik babesteko asmoz, haiek atzerrira ebakuatzeko lanak koordinatu zituen; milizianoen umezurtzentzako haurrentzako udalekuak eratu zituen; okupatutako eremuetatik iritsitako errefuxiatuez arduratu zen eta abar. Era berean, ospitale eta sorospen-etxe berriak sortu zituen, infekzio-gaixotasunen transmisioa ekiditeko borroka egin zuen, material kirurgikoa eta produktu kirurgikoak inportatu zituen eta abar.

Horrez gain, presoen bizi-baldintzak hobetzen saiatu zen, ahal zen neurrian jazarpenak eta exekuzio arbitrarioak ekidinda. Horren erakusgarri garbia da gertakari hau: 1937ko urtarrilean alemaniarrek egindako bonbardaketaren ostean, biztanleriak Bilboko espetxeei eraso egin zien. Alfredo Espinosa espetxe haietako batera joan zen beste sendagile batzuekin eta anbulantziekin presoei laguntza emateko eta zaurituak zentro medikoetara eramateko asmoz.

Urte bereko ekainaren 11n, Alfredo Espinosak Gorlizeko erietxean zeuden haurrak itsasontziz Frantziara ebakuatzeko lanetan hartu zuen parte. Han zegoela jakin zuen ekainaren 19an tropa frankistek Bilbo hartu zutela eta gobernukideekin (Santanderrera joanda zeuden) biltzeko lehenbailehen itzultzen saiatu zen. Ekainaren 21ean, Frantziako Tolosan, hegazkina hartzea lortu zuen. Hegaldiaren erdian, pilotuak, motorretan matxura gertatu zen itxura eginda, Zarautzeko hondartzan lur hartu zuen. Guardia Zibila eta agintari frankistak zituen han zain, eta atxilotu egin zuten. Traizioa egin zioten.

Hegazkin txiki haren pilotua altxatutakoek erosi zuten eta Zarautzeko hondartzan lur hartu zuen; han atxilotu zuten Espinosa.

Berehala eraman zuten Gasteizera eta 1937ko ekainaren 23an, Gerra Kontseiluan epaiketa sumarisimoa egin zioten errebelamendu militarraren delitua egotzita. Heriotza-zigorra ezarri zioten.

Hilabete bereko 26an fusilatu zuten Gasteizeko Santa Isabel hilerriko hormen aurka; hobi komunean ehortzi zuten.

Gasteizko Santa Isabel hilerriko hilobiak; han fusilatu zuten Espinosa.

Hil aurretik, senideei eta lagunei agur esateko hainbat gutun idatzi ahal izan zuen. Haietako bat Agirre Lehendakariari idatzi zion eta, hiltzear zegoela, Alfonso Espinosaren morala agerian uzten du:

“Historiak guztiok epaitzen gaituenean, presoen heriotza ekiditeko eta gurearen aurkako ideia ororekiko errespetu osoa mantentzeko gure esku zegoen dena egin genuela jakingo dute.”

Patu bidegabea izan zuen arren, ez zuen inolako gorrotorik izan eta Errepublikaren arerioentzako barkamena eskatuz hil zen:

“Auzitegiek norbait heriotzara zigortzen dutenean, nire botoa, beste mundutik, beti izango da indultuaren aldekoa; izan ere, ama edo emaztea eta seme-alabak izan ditzakeela eta zigor ikaragarri hori beti errugabeek jasango dutela pentsatzen dut. Nire kideei eskatu zuk, nire izenean, nik eskatzen dizudana; eta gaur egun dituzuen presoen aurkako errepresaliarik ez hartzea arren eskatzen dizuet. Izan ere, nik sufritzen dudan moduan, haiek ere nahikoa sufritu dute. Uneotan prozesatuta ez dagoena, aldiz, jarri aske.”

2016ko uztailaren 7an inauguratu zuten Urdulizeko ospitale berria eta gizon paregabe haren izena du: Alfredo Espinosa Orive.

1-Comic-Barkamena
1-Comic-Barkamena