Maria Juana Guesalaga Etxaide eta erresilientzia

Izena: MARIA JUANA

Abizenak: GUESALAGA

Jaioteguna: 1907/12/03

Heriotza-data: 2004/03/07

Jaiotze-lekua: Zarautz

Bizilekua: Zarautz; Bordele (Frantzia)

Egoera zibila: Ezkondua

Bazuen seme-alabarik?: ez

Lanbidea: etxeko andrea

MARIAREN HISTORIA

María Juana Guesalaga Zarautzen jaio zen 1907ko abenduaren 3an. 1931ko urriaren 15ean Jose Miguel Beguiristain Urdangarinekin ezkondu zen. Tolosan jaioa zen Beguiristain eta zapataria zen lanbidez. José Miguel Alderdi Komunistako afiliatua izan zen. 1936an Gerra Zibila piztu zenean, Maria Juanaren senarrak gatazkan modu aktiboan hartu zuen parte UGTren batailoietako batean sartuta. Gerran, Kataluniako Madrilgo euskal batailoien teniente izatera iritsi zen.

Fronte errepublikano nagusiak erori zirenean, Maria Juanak eta Jose Miguelek, garai hartan beste milaka lagunek bezalaxe, Frantziara ihes egin eta Bordelen erbesteratzea erabaki zuten. Aldez aurretik, Le Barcarès-eko eta Gurs-eko errefuxiatuen esparruetan egon ziren.

Beguiristainek bere jarduera politikoarekin aurrera jarraitu zuen. Erbestean zegoen Alderdi Komunistako kide gisa, militante klandestinoentzako dokumentazio faltsua lortzeaz arduratzen zen eta lotura-lanak egiten zituen. Horregatik, dagoeneko naziek okupatzen zuten Frantzian, 1942an bi aldiz zeharkatu zuen muga zedula pertsonalak lortzeko asmoz. Gurutzatze klandestino haietan, bizitza arriskuan jartzen zuen muga ezkutuan zeharkatuta.

Bidaia arriskutsu horietako batetik itzuli zenean, emaztea, Maria Guesalaga, naziek atxilotu zutela (agian senarraren jarduera klandestinoa zela eta ikertuta) jakin zuen Jose Miguel Beguiristainek. Horren berri izan zuenean, Espainiara itzultzea erabaki zuen. Han atxilotu zuten 1943an Alderdi Komunistak ezarritako misioan Frantziara itzultzeko prestatzen ari zela. Alcalá de Henaresen kartzelaratu zuten, baina haren arrastoa betiko galdu zen ihes egin zuenean.

Ravensbrück kontzentrazio-esparruko presoak.

Maria Paris iparraldeko Compiègne bitarteko esparrura eraman zuten; 1943ko apirilaren 28an iritsi zen hara. Laguntza eskatu ahal izateko senarrik eta lagunik gabe, Mariak oztopoz eta muturreko zailtasunez betetako bideari ekin zion. Lehenengo, bizirauteko eta, gero, berriro bizitza aurrera eraman ahal izateko eutsi eta borroka egin behar izan zuen.

Bi egun Compiègnen eman ostean, beste 1096 presorekin batera konboi batean Ravensbrück-era eraman zuten. Emakumezkoentzat bakarrik zen kontzentrazio-esparrua zen eta Berlineko iparralderantz 90 kilometro eskasera zegoen. Maria Beguiristain izenarekin (Frantzian ohitura den moduan, senarraren abizena hartu zuen), 19.424 matrikula-zenbakiarekin sartu zuten han.

1939 eta 1945 artean, 40 herrialde baino gehiagotako 132.000 emakumezko eta haur inguru izan zituen kontzentrazio-esparru hark. Milaka erail zituzten edo, besterik gabe, gaixotasunak edo gosea zirela eta hil ziren. 1944. urtearen amaieran, SSek gas-ganbera instalatu zuten eta, egindako kalkuluen arabera, 5.000 eta 6.000 preso inguru hil ziren han itota. Esparru hartako biktimen guztizko kopurua, gutxienez, 92.000 pertsonakoa izan zen.

Baldintza gogor haietan, Maria Juanak Rita Pérez ezagutu zuen. Ribadesellakoa (Asturias) zen eta hura ere Bordelen erbesteratu zen Gerra Zibilean familiarekin batera. Europako gatazkan, erresistentziari lagundu zion eta horregatik atxilotu zuten bere familiako beste kide batzuekin batera, eta Ravensbrückera bidali zuten 1944ko otsailaren 3an. Senarra, Gregorio Pérez, Sauchsenhauseneko esparruan hil zen. Paul, seme gazteena, Orrienenburg deuseztatze-esparruan hil zen. Franciscok, zaharrenak, bakarrik lortu zuen Dachauko kontzentrazio-esparruko esperientzia beldurgarriaren ondoren bizirik ateratzea.

Rita Perezen erbesteratu-agiria. lehengo gudarien eta gerrako biktimen Frantziako Ministerioak 1952an igorria.

Alemaniako Ravensbrück esparruan, Fritz Cermer-ek egindako monumentua.

María eta Ritaren artean adiskidetasun handia sortu zen. Horri esker, hango bizi-baldintza gogorrei indar gehiagoz aurre egitea lortu zuten. Esparrua 1945eko apirilaren 23an askatu zuten Gurutze Gorriak eta Errusiako armadak. Ravensbrückeko izugarrikerien eta emakumeekin eta haurrekin egindako esperimentuen ondoren bizirik ateratzea lortu zuten. Indarberritu ondoren, Frantziara itzuli eta berriro Bordelen instalatu ziren. Bidea zaila izan zen ordura arte: beren herrialdea gerra zela eta utzi zuten ia hamarkada bat lehenago; beren bizitzak berriro eraikitzen saiatu ziren II. Mundu Gerraren hasierak munduko panorama betiko aldatu zuenean; borroka horrekiko konpromisoa agertu zuten eta horren truke prezio altua ordaindu behar izan zuten; eta kontzentrazio-esparru nazi bateko izugarrikeriaren ondoren bizirik irautea lortu zuten. Berriro aske izanda, azken proba gogor bat zuten zain: berriro hastea eta bizitzak berreraikitzea haiena ez zen herrialdean.

Mariaren eta Ritaren arteko adiskidetasunak aurrera jarraitu zuen eta familia-lotura bihurtu ziren gainera. 1956ko azaroaren 19an, Maria Franciscorekin, Ritaren semearekin, ezkondu zen. Huraxe zen kontzentrazio-esparruetatik bizirik ateratzea lortu zuen senide bakarra. Bordelen jarri ziren bizitzen.

Frantziako erbestealditik, eta diktadura frankistak iraun zuen bitartean, Maria gutun bidez komunikatu zen Zarauzko familiarekin eta noiz edo noiz muga zeharkatu zuen haiek ikusteko. Dena den, familiak ez zuen Mariak bizi izandakoaren xehetasunen berririk izan. Ez zitzaion gai horiez hitz egitea gustatzen. Edo baliteke erregimen naziaren laguntzaile izandako diktaduraren inguruak ez laguntzea horretaz hitz egiten.

Lehenengo, bere amaginarreba, Rita, hil zen, eta gero senarra, Francisco. Alargun eta zahartuta, bere bizitzako azken urteak Zarauzko familiarekin batera igarotzea erabaki zuen osasun-arrazoiak zirela eta. Ilobek zaindu zuten. Jaioterrian hil zen 2005eko martxoaren 7an, 97 urterekin. Bizitza gogorra izan zuen eta aurrera jarraitzeko eta oso baldintza txarretan bere bizitza berriro eraikitzeko borondate nekaezina eta eusteko gaitasun handia erakutsi zituen beti.

María, Francisco eta Rita.

3-Comic-Erresilientzia
3-Comic-Erresilientzia2