Izena: JOSE IGNACIO
Abizenak: DE SOLA TAMAMES
Jaioteguna: 1932/08/15
Heriotza-data:
Jaiotze-lekua: Irun
Bizilekua: Frantzia
Egoera zibila: ezkondua
Bazuen seme-alabarik?: 2 alaba
JOSE IGNACIOREN HISTORIA
José Ignacio de Sola Irunen jaio zen 1932ko irailaren 15ean. Aita trenetako Norte enpresan tornularia izan zen, eta amak Hendaian egiten zuen lan. Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, zailtasunik gabeko bizimodua zeraman Irunen. Irun bonbardatu zuten, eta obus batek bere etxea suntsitu zuen. Hondarribira ihes egin zuten, eta handik Hendaiako Caneta portura joan ziren txalupa batean. Amaren lagunei esker, abegi eman zieten eta egun batzuk Hendaian eman zituzten, baina aita errepublikanoa zela eta, eta Espainiako Errepublika Katalunia aldean aurre egiten ari zela eta, Bartzelonara joatea erabaki zuten. Denbora-tarte batez egon ziren han. Jateko ia ezer ez zutenez, aita trenbideetako langile izateaz baliatu ziren trenez bidaiak egiteko eta baserritarrei janaria eskatu ahal izateko. Bartzelonan bonbardaketak hasi ziren eta, bonbardaketa haietan, Jose Ignaciok gertakizun danteskoak ikusi zituen; kaleetan zauritutakoak eta hilotzak. Halakoak gertatzen zirenean, metroan eta bizitoki zuten senide batzuen etxeko sotoetan ezkutatzen ziren.
Errepublikanoak Hendaiako geltokian
Bartzelonan bizitzen denbora-tarte bat zeramatela, Francoren armadak hiria hartu zuen. Ondorioz, Frantziara ihes egin zuten oinez. Ahal zutenean, kamioi edo gurdiren bat hartzen zuten. Basoetan egiten zuten lo eta askotan jasaten zituzten armada frankistako hegazkinen metrailadoreen eraginak. Hegazkinak iristen zirenean, areketan ezkutatzen ziren, eta handik bizirik ateratzea zorte kontua baino ez zen izaten. Ezagutu zuten familia bateko kideak banan-banan hil ziren bidaia hartan metrailadoreen biktima bihurtuta. Azkenean, familia hartako neskatila bat bakarrik geratu zen bizirik, baina mugara iristean, agintariek atxiki eta ez zioten elkarrekin joaten utzi. Mugatik, Frantziako erdigunera eraman zituzten, Clermont Ferrand-era. Mojen komentu batean egon ziren, ondo zainduta. Aita, aldiz, Argelès-sur-Mer-era (Perpinyà) bidali zuten; gosea eta zailtasun handiak jasan zituen han.
Frantziako Errepublikak oraindik zutik jarraitzen zuen eta aitak tornulari moduan lana topatu zuen Frantziako erdigunean dagoen hiri batean, Oloroe-Donamarian; bien bitartean, Arudyn, gertuko herri batean, bizi zen. Denbora-tarte batez bananduta egon ziren, baina Gurutze Gorriari eta Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzari esker, familiak berriro biltzea lortu zuen familia berrelkartzeko laguntzen bidez. Jose Ignacio, ama eta anaia topatzea lortu eta guztiak Arudyn elkartu ziren. Urtebete eman zuten Arudyn. Baldintza onetan bizi izan ziren han eta Jose Ignacio eskolara joaten zen. Jose Ignaciok gogoan duenez, herri hartan lasaitasun-aldia topatu zuten arren, eskolan oraindik ere estigmatizatua zegoen eta erregela batekin eskuetan jo eta iraindu egiten zuten “gorria” deituta.
Alemaniarrak Frantzian sartu eta Vichyko gobernua ezarri zuten. Jose Ignacioren sendia Arudyko etxean harrapatu zuten “jendilaje” izendatuta. Pauetik gertu zegoen errefuxiatuen esparrura eraman zituzten. Esparru hartatik, ordea, geltokira eraman zituzten eta ibilbide hartan hiria gurutzatu behar izan zuten. Bide hartan, herritarren nazka- eta gaitzespen-begiradak jasan zituzten. Jose Ignacio errege magoek ekarri zioten bizikleta hiriko haur bati entregatzera behartu zuten. Gurseko errefuxiatuen esparrura eraman zituzten trenez; esparru hark 2 km-ko luzera eta 700-800 metroko zabalera zituen. Esparruak bi zati zituen; alde batean, emakumezkoak zeuden, eta bestean gizonezkoak. Jose Ignaciok 8 urte zituen eta amarekin geratu zen; izan ere, 13 urtetik aurrera, haurrak gizonezkoekin joaten ziren.
Esparru hartatik 60.600 pertsona inguru igaro ziren eta 12.000 eta 14.000 pertsona artean bizi zirela kalkulatzen da. Hasiera batean, esparru hartan Espainiako armada errepublikanoko kideak egon ziren preso eta, uneren batean, Euskal Herrikoak 6.555 izan ziren, mugatik gertu zegoelako. Esparrua baldintza onetan zegoen eta ondo elikatuta zeuden. Baina Jose Ignacio eta haren familia iritsi zirenerako, esparrua oso hondatuta zeuden eta baldintza orokorrak okertu egin ziren. Euria egiten zuenean, lokatza belaunetaraino iristen zitzaien. Barrakoietan 60 pertsona zeuden pilatuta, eta ez zuten leihorik. Garbitu ahal izateko, ur-andel txiki bat bakarrik zegoen; goiz jaiki ezean, eguneko gainerako uneetarako urik gabe geratzen ziren. Komunak bata bestearen jarraian zeuden eta eguraldi txarra egin arren, aire zabalean irekita zeuden. Udan, aldiz, barrakoietatik gertu zeudenez, komunetako kiratsa jasanezina izaten zen. Jateko, erremolatxa, arbia, ogia eta ura ematen zieten.
Bartzelonako bonbardaketak.
Rivesalteseko kontzentrazio-esparruko presoak.
Geroxeago, judutarrak esparrura eramaten hasi ziren. Jose Ignaciok jateari uko egin zion eta bere barrakoian goseak hil zen emakume judutar bat ikusi zuen behin. Norbait hiltzen zenean, barrakoitik atera eta esparruaren sarrerara eraman behar izaten zuten.
Judutarrak iritsi zirenean, Jose Ignacio eta bere familia Rivesalteseko esparrura eraman zituzten ganadua garraiatzeko tren batean. Esparru hartan ere baldintzak oso txarrak ziren eta ipar-haize gogorren mende zegoen. Aita Frantziako erdialdera eraman zuten lanera. Jose Ignacioren amak, gutun batzuen bidez, trena hartu ahal izateko diru pixka bat eskatu zion. Azkenean, esparrutik ihes egitea eta aita zegoen tokiraino iristea lortu zuten. Baina berriro harrapatu eta Rivesalteseko esparrura eraman zituzten. Esparruan sartutakoan, amarengandik banandu zituzten; ama emakumeen eremura eraman zuten, eta Jose Ignacio anaiarekin bakarrik geratu zen.
Rivesaltesen, ama Auschwitzera eramateko puntuan izan ziren. Baina frantsesa zekienez eta interprete moduan jarduten zuenez, esparruan jarraitzea eta semeekin elkartzea lortu zuen. Esparru hartan, batzuetan, basora eramaten zituzten paseatzera eta basoan pinaburuak eta mihilua lortzen zituzten. Gero, jan ahal izateko, latetan irakiten zituzten.
Jose Ignacioren aita egur-ikatzaren espezialista bihurtu zen eta, hala, Frantziako erdialdean lana topatu zuen. Ofizioa lortu zuenez, Jose Ignaciori, amari eta anaiari harekin elkartzeko baimena eman zieten. Jose Ignaciok eta familiak bazuten janaria, baina aurkako egoerak ez ziren amaitu. Leihorik gabeko etxeetan bizi ziren eta zeroz azpiko tenperaturak jasan behar izan zituzten.
Jose Ignacio ez zen Irunera itzuli 35 urte bete arte; gerora, berriro Frantziara itzuli zen eta han bizi da gaur egun. Aurkako egoera gogorrak jasan ostean, erresistentziaren erakusgarri da. Erresilientzia eta adore horien erakusgarri moduan, gaur egun, Jose Ignaciok Hezizerb Elkarteari laguntzen dio eta Gurseko esparruan gidari-lanak egiten ditu Orbel Haizea programarako. Ikasleei zuzenduta dago programa hori eta memoria historikoa berreskuratzea du xede. Irungo Udalak bultzatu eta Hezizerb Elkarteak kudeatzen du. Gainera, Jose Ignacio Amicale de Gurs elkarteko kidea ere bada (Gurseko esparruari buruzko memoria historikorako elkartea).
Gurs-eko errefuxiatuen esparrua.
Komikia eskuratu ERRESILIENTZIA ETA SOLIDARITATEA